Haurtzaroan ohitura osasungarriak hartzea bizitza osasuntsu baterako inbertsiorik onena izango da.

uztaila 15, 2014 in *albo-oharrak by kolorekolore

HAZI HEZI aldizkaria. 9. alea

Osasuntsu egoteak ez du gaixotasunik ez edukitzea esan nahi, gaixotasun-gabezia baino zerbait gehiago da osasuna;  ongizatea izatea da, hala fisikoa nola emozionala eta soziala.  Haurtzaroan ohitura osasungarriak hartzea bizitza osasuntsu baterako inbertsiorik onena izango da. 

ohitura_osasungarriakElikadura egokia,ariketa fisikoa  eta atsedena ongizatearen oinarri izateaz gain, mende honetako gaitz kronikoak prebenitzeko bide eraginkorrena dira. XIX. mendean eta XX.aren hasieran gaixotasun infekziosoengatik hiltzen zen jendea, baina bilakaera bat izan da: gaur egun bizi-kalitatearen hobekun-tzari esker, higieneari, elikadurari eta medikuntzaren eta aurrerapen teknologikoei esker, duela mende bat hilgarriak ziren gaitz infekziosoak, hala nola, izurritea, kolera, baztanga,  etab. gainditzeko gai gara, eta bizi-itxaropen handiagoa eta bizi-kalitate hobea ditugu.  Baina bizitza modernoak bestelako gaixotasunak ekarri ditu, obesitatea,  diabetesa, hipertentsioa, minbizia, gaitz osteo-artikularrak eta buruko gaitzak, hain zuzen ere. Hainbat ohitura osasungarri txikitatik geureganatuz arrisku faktore batzuk saihestu ditzakegu. Haurrak ohitura osasuntsuetan heztea da, bada, prebentziorik onena. Azken  batean ohiturak, errepikatzearen errepikatzeaz gauzak egiteko modu, bizimodu, bihurtzen dira, eta haur-tzarotik ohitura onak eta errutina osasungarriak hartzea bizitza osorako osasunean inbertitzea da. 
 
Osasun emozional eta psikologikoari begirako bizi-aztura osasungarriak hartzeak ere, bada, hainbat gaitz prebenitzen lagunduko digu, hala nola azaleko arazoak, sabelekoak, buruko minak, lo falta, depresioak, antsietatea, estresa, dependentziak, etab. Gaitz horiek prebenitzeko egoera emozionala kudeatzen ikasi behar dugu, psikologikoki ondo ez bagaude sufrimendu handia izango baitugu, eta txikitatik hainbat ohitura hartu ditzakegu.

Ezin da bizi-aztura osasungarriez hitz egin osasun mentalaz hitz egin gabe, bizi-ohiturek ez baitiote gorputz osasunari soilik eragiten eta ezin baitugu gorputza eta burmuina banandu.

Artikulu osoa irakurri