emozioak. Emozio adimena, zer da?

azaroa 4, 2014 in *albo-oharrak by kolorekolore

Emozio adimena norbere nahiz besteen sentimenduak ezagutu eta maneiatzeko ahalmena da. Emozio adimena landuz, norbere sentimendu eta emozioak antzeman, moldatu eta gidatuko ditugu, motibazioa sortuz eta erlazioak kudeatuz.

emozioakEmozio adimenaren xedeak:
· Norbere burua motibatu
· Frustazioei aurre eginez ahaleginean jarraitu
· Bulkadak kontrolatu
· Sariak geroratu, atzeratu
· Gogo-aldartea erregulatu
· Larrialdietan arrazonatzea lortu
· Enpatia eta besteekiko fio izatea lortu

 

Hezkuntza helburua

Zoriointsuak izateko ezagutza asko metatzea baino garrantzitsuagoa da zer gertatzen zaigun argitzea, onartzea eta horren arabera jokatzea.

Zertarako
Ariketa honen bitartez guraso eta hezitzaileak lagundu nahi ditugu
· Euren haurrak emozionalki osasuntsu izateko
· Bizitzaren aurrean jarrera baikorra azaltzeko
· Norbere sentimenduak adierazi eta kontrolatzeko
· Besteen emozioekin konektatzeko
· Autonomia izateko
· Erabaki egokiak hartu eta bizitzan sortzen diren zailtasunak gainditzeko

Fitxa nola erabili
Haurrekin emozioak lantzeko, emozio-aurpegitxoak eskuragarri izatea komeni da. Paretan, haurraren altueran itsatsi ditzazkegu marrazki bereizgarri hauek. Hala, gelan nahiz etxean, emozio bat bideratzeko egoera konkretua ematen den einean,emozio- aurpegitxoak erabiliko ditugu, norbere emozioen islada bezela erabiltzeko. Emozioa antzeman eta onartzeko. Haurra identifikatua sentituko da eta emozioaz jabetuko da.

Emozio-aurpegitxoen pertsonaiari izena jartzea komeni da, bakoitzak gogokoena duena edo taldean aukeratzen dena. Hala nola “Ainhoa, Iñigo” …”triste, pozik”… azalduko dira . Gertuko pertsonaia bihurtuko da. Emozio desberdinak dituen pertsonaia. Hau da, bizitzaren islada.

Emozio-aurpegitxoak, egunean zehar erabilgarriak izan behar dira.
Demagun 1-2 urteko haur batek besteari mina eman eta, bigarren hau protestan hasten dela. Holakoetan,  mina eragin duen haurra eraman “Iñigo haserre” ageri den emozio-aurpegitxoaren marrazki ondora, eta marrazkia seinalatuz esan:
“Ikusi, zure laguna haserre dago, Iñigo bezela. Ez zaio gustatu egin diozuna”.

Egunero, une konkretu batean aurpegiak erakustea interesgarria da, hala, emozioak identifikatzen ohitzeko baliagarria izango delako.

Azkenik, haur bakoitzari, egunean zehar nola sentitu den galdetu diezaiokegu eta berak aurpegi bat aukeratuko du sentitutakoa adierazteko.

Edurne Saizar-rek garatutako jarraibideak.
Edurne Psikologo eta Haur Hezitzailea da.

Oharra: Fitxa koloretan eta koloreztatzeko (eta pertsonalizatzeko) eskuragarri duzue.